Eduki publikatzailea

Urduña-Añes

Ibildearen deskribapena

Sopeñako Errege Bidearen lehenengo etapak mandoek eta merkatariek Gaztela eta Urduña arteko joan-etorrietan egiten zuten ibilbidea egiteko gonbita egiten digu. Azken udalerri horretatik abiatuta, Lendoñogoitirantz abiatuko gara eta, mendiaren hegal erdian eta ia maldarik gabe, Añes udalerriraino eramaten gaituen bidea aurkituko dugu; trikuharrien kokagune da udalerri hori.

Orduña Añes
Orduña Añes
Orduña Añes

0. km. - URDUÑA

Gaur egun hotel eta bainuetxe bihurtutako Urduñako aduana da Sopeñako Errege Bidearen sorlekua edo amaiera, handik abiatzen garen edo hara iristen garen kontuan hartuta; helmuga edo jatorria, aldiz, Gaztelako lurrak dira, eta Burgosko Mena harana igaroko du bideak lur horien bila.


Antzinako Amaren santutegia bisitatu ondoren utziko du bideak udalerri hori; santutegia hiriaren mendebaldean kokatuta dago, trenbidea goiko pasabidetik gurutzatu ondoren.
Txarlazorantz doan bidea hartuko dugu, eta, erkamezti eder bat igaro ondoren, malda handitu egiten da eta sigi-sagaka jarraitzen du, kurba batean GR 284.1 adarra hartu arte; adar hori mendilerroaren gailurretarantz abiatzen da (3 km, 50 min.). Baina guk eskuinerantz egingo dugu, Lendoñogoitira eramango gaituen lurrezko pista zabal batetik. Malda handirik gabe eta pagoen, pinuen eta erkametzen zuhaiztien artetik igaro ondoren, ipar-mendebalderantz abiatuko gara, La Choza iturriko atsedenlekurantz.

La Chozako bidexka ezkerrean utziko dugu eta gure ibilbideari jarraituko diogu, pista nagusitik. Lendoñogoitira doan errepidearekin bat egin aurretik utziko dugu pista, eta Iturrigorri mendiaren irudia erakusten digun bidea hartuko dugu, gure ezkerrean. Bide hori asfaltozko pista batera iristen da, eta, eskuinerantz hartzen badugu, errepidera iritsiko gara. Errepidetik jarraituko dugu, ezkerrerantz, eta, metro gutxi batzuk egin ondoren, Lendoñogoitira iritsiko gara.

Udalerri horretatik herriaren gainean kokatutako eta historiaz blaitutako baserri batera abiatuko gara, Venta Fría izenekora

8,7 km.- VENTA FRIA

Puntu honetatik aurrera Sopeñako Errege Bidean murgilduko gara guztiz. Salbada mendilerroko erliebeen hegal erdia zeharkatzen du pistak, eta garai bateko gurdi bidea hauteman daiteke bertan. Laster burdinazko hesi bat ikusiko dugu, lurralde historikoa aldatzen dugula adierazten duena. Handik, gure eskuinean, herrirantz eta Maroñoko urtegirantz doan lehenengo bidexka abiatzen da. Erkametzen, pagoen eta pinuen zuhaiztien artetik igaroko gara, tartean larreetarako erabiltzen diren soilguneak ere badaude, lur hauek abeltzaintzarako duten erabilera egiaztatzen dutenak. Eskuinean ikusiko dugun beste bide zabal bat Agiñagara doa, kilometro eskasera dagoenera. Bideak aurrera jarraitzen du, Ias errekastoko urekin topo egin arte; ur-jauzi ederra ikusiko dugu gure azpian, bertaraino hurbiltzea ezinezkoa bada ere. Amildegiaren ondotik igarotakoan, malkar gogorra igo beharko dugu bidegurutze batera iritsi arte; bidegurutze horretan lehendabizi eskuinerantz eta gero ezkerrerantz hartuko dugu, abereentzako zelai zabal batean barrena Agiñagarantz abiatzen den beste bide bat utziz.

Ungino gailurraren azpian eta lehortuta egon ohi den beste erreka bat igaro ondoren, bidegurutze batera iritsiko gara, Madariara jaisten den bidexka zahar bati dagokiona. Berehala, beste adar bat Salmantonerantz jaitsiko da, eta, urrats gutxi batzuen ondoren, bideak asfaltatutako pista zabal batekin bat egingo du; hortik egingo dugu Oletar ingurura iristeko azken zatia. 

15,7 km.- OLETAR

Toki honetan, eskuinerantz abiatzen den adar bat Menoiora doa, eta Amurriora eramaten gaituen etaparen zati da. Gure ezkerrera, harri xehezko pista zabal batek Salbada mendilerroaren gailurretara eramango gaitu, GR 284.1 adarra hartuta. Eta aurrerantz jarraituz gero, mendebalderantz Añesera eramango gaituen bidea aurkituko dugu; bidearen zati batzuk harkaitzean daude, eta oraindik mandoen eta gurdien usainak bustitzen dituela dirudi.

19,2 km.-AÑES

Udalerri hori, ziurrenik, inguru honek Aiara eta Mena haranak lotzeko zuen garrantzi estrategikoaren ondorioz sortuko zen, eta, beraz, bide historiko horri zor dio bere sorrera. Aiara inguruan populatutako inguru zaharrena izango da honako hau ziurrenik, eta Goiko Landetako historiaurreko aztarnek horixe adierazten dute.

DATUAK

Zailtasun ertain handia
Ibilbidea

- 19,2 km

Malda

- 703 m.

Iraupena

- 6h. 09'

Beste ibilbide batzuk

Ruta cercana

Añes-Artziniega

GR-284 2. etapa

Ikusi gehiago
Ruta cercana

Amurrio-Oletar

GR-284 3. etapa

Ikusi gehiago
Ruta cercana

Oletar-Txarlazoko bidea

4. Etapa. 284.1 Adarra

Ikusi gehiago