Eduki publikatzailea

Legutio-Otxandio

Legutio-Otxandio

Ibilbidearen deskribapena

Arabako lurraldean zehar burutzen ari garen txangoari bukaera eman eta Bizkaiko ataria den Otxandioko hiribildura heldu aurretik Albinako urtegia ederra eta Mirugain mendiko pago lepatuen baso zabalak ezagutzeko aukera izango dugu

Ia 10 km dituen etapa honek arabar lurraldeko Legutioko hiribildua eta Bizkaiko lurralde historikoaren atarian kokaturiko Otxandioko hiribildua batuko ditu. Bidean errekastoak, ehun urtetik gorako pago lepatuen basoak eta Albinako urtegi ezezaguna izango dira protagonistak.

km 0.- LEGUTIO. 

Gaur egun San Roke parkea den hilerri zaharrak eskaintzen digun panoramika ezin ederragoaz gozatu ostean Legutio atzean utzi eta Albinako urtegirantz joko dugu. Ibilbidea urtegira doan errepidetik doa hasieran baina laster hau alde batera utzi eta hilerrira igoko den bidezidorretik jarraituko dugu. Erkametz, landaketa, pago eta altzifre artean egingo dugu hilerri eta urtegia arteko ibilbidea.

Legutio-Otxandio
Legutio-Otxandio
Legutio-Otxandio

km 3.- ALBINAKO URTEGIA

Baso artean dagoen itsasoa balitz bezala azaltzen zaigu urtegiaren paraje paregabe hau. Urtegiaren ur azpian galtzen diren harlauza handi batzuk gogorarazten digute hemendik igarotzen zela Aramaioko bide zaharra. Baina guk urbazterretik jarraitu behar dugu, urtegiaren tarte bat inguratuz, harik eta errepidera hurbilduko gaituen bidezidorra hartu arte. Errepidea gurutzatu eta Mirugaineko igoerari ekingo diogu. Maldarik gabeko tarte baten ondoren ibilbideak behera egiten du apur batean, berriro ere gora egiteko, Tantaibakarreko tontorra eskuinean utziz. Mirugaineko gailurrerantz jarraitzen dugu, eta tontorretik gertu PR-BI 50arekin gurutzatuko gara. Mendiko ibilbide labur hau Otxandioko mugetatik doa, Basabisitta gogoratuz. 

km 7,2.-  MIRUGAIN. 

Alanbrezko itxidura batzuk zeharkatu eta ehun urtetik gorako pago motzen baso zabalean behera egingo dugu. Baso hauen enborretan oraindik ikusi daitezke gerra zibileko metrailen aztarnak. Jaitsiera luze baten ondoren ibilbidea baso artetik zabalgune batera helduko da. Puntu honetan pista albo batera utzi eta eskumara joko dugu, Iñolako errekastoa zeharkatu eta bidexka batetik Gorrien bidea izenaz ezagutzen den asfaltatutako bide batera heldu arte. Otxanditik nahiko gertu gaude jada. Bertara heltzeko Olazar pagadia eta izen bereko erreka zeharkatu beharko ditugu, azken hau horretarako egokitutako zubi batzuei esker. Paraje honetan PR-BI 52arekin egingo dugu topo eta honekin batera helduko gara Vitoria-Gasteizko errepide zaharrera, lehenik San Roke ermita ondoko hilerriaren atzeko pagadi zaharra zeharkatuz. Uribarrena kaletik sartuko gara hiribildu zaharrera, bidean Urkiola ibai gaineko zubia zeharkatuz. Etapa Plaza Nagusian bukatzen da. Bertan aurkituko ditugu Otxandiko eraikin garrantzitsuenetako batzuk: udaletxea, Santa Maria eliza, frontoia, Vulcano iturria, bolatokia

DATUAK

Zailtasun txikia
Ibilbidea

- 9,6 km

Malda

- 223 m.

Iraupena

 - 2h 30'

Beste ibilbide batzuk

Ruta cercana

Albaina-Okina-Estibaliz

GR 38 - 3. etapa

Ikusi gehiago
Ruta cercana

Estibaliz-Legutio

GR38 Etatpa 4B

Ikusi gehiago